Oñatiko Ganbara Txikiren Altxorraren uhartea ikuskizun musikatua Elgetako Espaloian egingo dute bihar, zapatua, 17:00etan. Oñatin egin zuten ikuskizun bera izango da, baina moldaketa batzuk eginda. "Agertokia ez da berdina izango. Moldatu egingo dugu, egokitu. Bestalde, itsasontzi berri bat ere erakutsiko dugu", aurreratu du Ganbarako zuzendari Aitor Biainek.
Neska-mutikoak
Altxorraren uhartea musikalarekin XVIII. mendera bidaiatuko du ikusleak. Benta zaharrak, sekretuak gordetzen dituen marinela, piratak, gaizkileak, altxorra... Bidaia zirraragarria proposatzen du 1883an Robert Louis Stevensonek argitaratu zuen Treasure island (Altxorraren uhartea) nobelan oinarritutako musikalak. Ikuskizunean 50 neska-mutiko baino gehiagok hartzen du parte. Horiek egiten dute abeslari, dantzari eta aktore lana. Bestetik, agertokiak, dekoratuak-eta egiten ibili dira neska-mutikoen gurasoak.
Maiatzean Arrasaten
Ikuskizun musikatu hori Oñatin estreinatu zuten urtarrilaren 17an. Bihar, zapatua, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian antzeztuko dute eta maiatzaren 23an Arrasateko Amaia antzokian egingo dute. Arrasateko udaberrirako kultura eskaintzaren barruan egingo dute Ganbara Txikiren musikala. "Ia bi ordu irauten du eta familia guztia joateko moduko produktu bat egin gura genuen, euskaraz, eta horregatik aukeratu genuen Stevensonen liburua", adierazi du Biainek Arrasaten.