Intxorta elkarteko garbitzailea izan da lehena konturatzen. Goizean goiz elkartea garbitzera joan denean telebista sumatu du faltan eta konpontzera eraman ote duten galdetu duenean konturatu dira lapurreta izan dela.
Bi telebista, eta JB botila bat sumatu dituzte faltan Intxorta elkartean. Parrila egiteko duten txokoan dagoen leihotik sartu dira lapurrak. "Bulegoa ere hankaz gora utzi dute", adierazi du Intxortako kide Asier Moralesek. "Zeharo nahastuta utzi dute", esan du.
Aldamenean dagoen Iñaki tabernara sarrerako atea indarrez zabalduta sartu dira. Telebista, tabakoaren makina eta kutxa erregistratzailea dituzte faltan. Azken biak aldamenean dagoen Maala parkean agertu dira. Lapurrek indarrez zabaldu dituzte, eta bertan aurkitu duten dirua eta tabakoa eraman dituzte. Gainerakoa bertan utzi dute.
Herri Eskolan ere sartu dira lapurrak. Berehala jo dute abisua irakasleek. Zuzendaritzaren bulegoa nahastuta aurkitu dute eskola zabaldu dutenean eta faltan sumatu dituzte bi ordenagailu eramangarri eta diru apur bat. Eskolara haur hezkuntzako umeen patiotik sartu dira.
Elgetako parroko Juan Cruz Juaristik esan du lapurrek ez dutela elizatik ezer eraman, baina sartu direla bertara ere. Atzeko atetik sartu dira, eta kapilatxoan eta elizan ibili dira. Hiru sarraila apurtu dituztela esan du Juaristik. "Diru bila ibiliko ziren ze kutxa denak zabaldu dituzte. Sagrarioa ere indarrez zabaldu dute". Parrokoak esan duenez lapurrek ez dute ezer eraman. "Tresna liturgiko guztiak bertan daude eta ez dago profanazio zantzurik".
Ertzaintzak zabalik du ikerketa.