Oroimen historikoaren aldeko taldeek Elgetako Udalarekin elkarlanean antolatuta, Intxortako borrokaldien oroimenezko hainbat ekitaldi egingo dituzte zapatutik domekara bitartean, Elgetan. Antolatzaileek gertu dute egitaraua eta egun horietan herrian egongo diren zenbait aldaketaren berri ere eman dute.
Zirkulazio aldaketak
Domekan oinezkoendako izango da Elgetako erdigunea. Horrelakoetan egin ohi den moduan Berraondokotik bideratuko dute ibilgailuen zirkulazioa. Autobus parada ere lekuz aldatuta egongo da domekan: Berraondokora eramango dute.
Eserlekuak Asentzion
Domekan 11:30ean egingo dute borrokaldien errekreazioa. Ordubete lehenago, 10:30ean, itxi egingo dute Elgeta eta Kanpanzar arteko errepidea ibilgailuendako. 13:00ak aldera zabalduko dute berriz. Gomendatu dute denboraz ibiltzeko eta kanpotik etorriz gero industrialdean aparkatzeko. "Errekreazioa eserita ikusteko 300-400 eserleku ipiniko ditugu", esan dute antolatzaileek. Kiroldegian, bestalde, umeendako puzgarriak ipiniko dituzte eguerdian eta 15:30etik 18:00etara.