Jaitxo taldeko Aner Fernandezek altxatu du Elgetako areto futbol txapelketako kopa. La Kokotxa taldeko kideek gogor borrokatu dute finala, eta bi gol egin dituzte norgehiagokaren hasieran, baina atsedenera joan aurretik Jaitxokoek markagailuari buelta ematea lortu dute. Atsedenean emaitza 3-2 zen, Jaitxoren alde.
Lehen zatian Alex Ferrer jokalariak egin ditu La Kokotxaren bi golak. Jaitxorenak, berriz, Mikel Juaristik (2) eta Eneko Ormaetxeak (1) egin dituzte.
Esan beharra dago lehen zatian min hartu duela orkatilan La Kokotxa taldeko Iraitz Bolinagak.
Bigarren zatia
Oso nahasia izan da bigarren zatia. Aritz Makarroren golak hirunako berdinketa eraman du markagailura, baina nahiko jarraian etorri da Jaitxoren erantzuna. Mikel Juaristiren golak aurretik jarri ditu, berriz ere, Jaitxokoak. Ordutik aurrera atzetik joan da La Kokotxa nahiz eta golak egiten jarraitu.
La Kokotxakoek beste bi gol egin dituzte; Alex Ferrerek eta Koldo Erostarbek. Jaitxokoek, berriz, beste lau egin dituzte: Txomin de Vegak, Eneko Ormaetxeak (2) eta Alain Vallek. Hala, amaierako emaitza 8-5 izan da.
Sari banaketa
Txapelketako bigarren sailkatuaren saria Alex Ferrer jokalariak jaso du. Kiroletako zinegotzi Jose Mari Zubiaurreren eskutik jaso du. Txapeldunaren kopa, berriz, txalo artean jaso du Jaitxoko Aner Fernandezek.