Dozena bat sagarrondo landatu dituzte elkarrekin Elgetako erretiratuek eta ikasleek

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mar. 27a, 22:54

Manu Sarasua neska-mutiko taldeari sagarrondoak landatzeko azalpenak ematen.

Elkarrekin ikasten izeneko programaren baitan egin dute landaketa; ekintza gehiago etorriko dira jarraian.

Eskolako ortuaren goiko aldean hamabi sagarrondo daude gaur eguerditik. Elkarrekin landatu dituzte herriko erretiratu talde batek eta Herri Eskolako neska-mutikoek.

Elkarrekin ikasten izeneko programaren barruan Elgetan egiten den lehen ekintza da. Programa hori Elgetan, Antzuolan eta Bergaran dago martxan, eta helburua da nagusiek eta ikasleek zenbait ekintza batera egitea jakintza partekatzeko.

Oinetako egokiak jantzi, aitzurrak hartu eta landaketak egiteko gertu ziren ikasleak eta nagusiak eguerdi partean. Eguraldiak tartetxo bat eman die landaketak euririk gabe egiteko, eta laster bete dituzte udal brigadako langileek gertatutako zuloak. Xalbadorpe erretiratuen elkarteko kideek azaldu diete ikasleei landaketa zelan egiten den, eta batez ere aitzurra nola erabiltzen den. 

Ekintza gehiago laster

Herriko nagusiek eta ikasleek ekintza gehiago egingo dituzte aurrerantzean. Ordenagailua erabiltzeko ikastaroa egingo dute elkarrekin, besteak beste. Interesatuek zabalik dute izena emateko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak