Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Maiatzeko udal hauteskundeetarako bi hautagaitza lanean: Elgetako EH Bildu eta Gu Geu plataforma

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mar. 6a, 10:41

Elgetako udaletxea.

Patxi Basauri ez da hauteskundeetara aurkeztuko eta EAJ, "ziurrenik ez".

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako hautagaitza prestatzen dihardute Elgetan, gutxienez, bi taldek: Elgetako EH Bilduk eta Gu Geu plataformak.

Patxi Basauri jeltzaleak jakinarazi du ez dela udal hauteskundeetara aurkeztuko. EAJren hautagaitzari buruz esan du "ziurrenik" ez dela egongo, "nahiz eta azken erabakia EAJko herri batzarrak duen".

EH Bilduk batzarra domekan

Elgetako EH Bilduk sei herri batzar egin ditu azarotik hona, eta domekan, martxoak 8, Elgeta elgetarrekin ekimenean parte hartzeko dei egin die herritarrei. Urtarrilean jakinarazi zuen Elgetako EH Bilduk hauteskundeetara aurkezteko hautagaitza "guztien artean" erabakiko zutela, eta hasita zeudela herritarren proposamenak eta nahiak jasotzen. Domekan, 17:00etan, egingo dute Elgeta elgetarrekin ekimena Espaloia kafe antzokian. "Bertan, herritar bakoitzak aurkeztuko ditugun arloetatik gustukoen dituenak aukeratu ondoren, talde txikitan burutuko den dinamikan nork bere kezkak, ideiak, iradokizunak... azaldu ahal izango ditu, eta baita arlo horretan orain arteko herri batzarretan landu denaren inguruko iritzia eman ere". Kafe baten bueltan egingo dute lanketa. Guraso direnen haurrendako plangintza bat ere iragarri dute.

Gu Geu plataforma

Gu Geu sortzeko saiakeran dagoen Elgetako herri plataforma da. Herritarrekin eta herritarrendako sortu gura dutela adierazi du Marta Torres elgetarrak, eta irekia, apolitikoa eta asanblearioa dela azaldu du. Hautagaitza bakarrarekin udal hauteskundeotan "pobre" ikusten dute Elgetako agertoki politikoa. "Beste aukera bat izan gura dugu, boto alternatiba bat", adierazi du.
Uneotan, hautagaitza sortu ahal izateko jendearen parte hartze aktiboa bilatzen dutela azaldu dute Gu Geu plataformatik: "Herriarendako den proiektu batean sartzeko eta konpromisoa hartzeko prest dagoen jendea", esan dute. Hala, bilera irekia deitu dute martxoaren 13rako, barikua. Udal Liburutegian elkartuko dira, 19:30ean. Herritar guztiei egin diete gonbidapena.  "Ikusi behar dugu hautagaitza sortzeko aukera errealistarik dagoen", esan dute. Taldearekin harremanetan jartzeko, galderak egiteko edo proposamenak egiteko, gugeuelgeta@gmail.com posta elektronikoa sortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak