Bi emanaldi egingo dituzte: gaur, egubakoitza, eta bihar zapatua; biak ala biak, 22:30ean. Sarrerak 15 eurotan eskura daitezke leihatilan -bazkideek 12 eurotan-, eta on line ere bai: Kulturalive.com atarian, hain zuzen.
Hiruen artean, saio bakarra
Gazteleraz egingo dute, ordu eta erdi inguruko saioa. Banan-banan aterako dira eta bakoitzak ordu erdi izango du berriketan egiteko. Gemma Martinez izango da lehenengoa, Terapia de grupo bakarrizketaren zati bat eskainiko duela dio: "Gai askoren gainean jardungo dut: aktoreok izan ditugun askotariko ogibideren inguruan, teknologia berriei buruz, familia eta Bibliaz ere bai; baina bereziki-bereziki, maitasunari buruz".
Asier Hormazak hartuko du lekukoa gero, Superviviendo lana izango du abiapuntu: "Manuel Antonio, garai bateko poligonero zaharkituaren paperean sartuko naiz. Haren bizimodua eta etxeko kontuak kontatuko dizkizue. Sekretu bat ere argituko du".
Amaitzeko, Maribel Salasek No os lo váis a creer ikuskizuna taularatuko duela dio: "Telebistan izan dudan ibilbidea da kontatuko dizuedana. Ezagutu ditudan pertsonaia famatuak... Fikziozko ibilbidea izango da baina".
Aurten, ikusle gutxiago
Bakarrizketek, krisiari aurre egiteko irtenbide egokia dela dio antolatzaileak: "Ekoizpen ordu gutxiago dute, gastu txikiagoak, beraz. Espaloia oso toki gozoa da gainera, horrela esan digute aurtengo artistek ere. Sarreren salmenta, baina, aurrekoekin alderatuz, txikiagoa izan da. Eguraldiagatik akaso?".