Elgetako EH-Bilduk, besteak beste, sei herri batzar egin ditu azarotik hona herri programa osatzeko helburuarekin, eta domekan, martxoak 8, Elgeta elgetarrekin ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. 17:00etan emango diote hasiera ekimenari Espaloia kafe antzokian.
Urtarrilean jakinarazi zuen Elgetako EH-Bilduk hauteskundeetara aurkezteko hautagaitza "guztion artean" erabakiko zutela, eta hasita zeudela herritarren proposamenak eta nahiak jasotzen. Domekako ekimenaren inguruan aurreratu dutena da: "Bertan, herritar bakoitzak aurkeztuko ditugun arlo ezberdinetatik gustokoen dituenak aukeratu ondoren, talde txikitan burutuko den dimamikan nork bere kezkak, ideiak, iradokizunak... azaldu ahal izango ditu, eta baita arlo horretan orain arteko herri batzarretan landu denaren inguruko iritzia eman ere".
Kafe baten bueltan egingo dute lanketa. Guraso diren herritarrek lasai parte hartu ahal izateko haurrendako plangintza bat ere iragarri dute.