Udalak atzo onartu zuen lan poltsen kudeaketarako araudia. Bilduko hiru ordezkariek aurka bozkatu zuten. "Baloratu dugu dokumentu hau lanerako abiapuntu bat izan daitekeela (...) baina inondik inora ezin dela dagoenetan onartzeko araudi bat izan. Hutsune larregi dauzka eta ez du aurrerapauso larregi sortzen langileen eskubideen inguruan", adierazi zuen Bilduko bozeramaile Janire Lazkanok.
Udal gobernuak ordenantza lantzeko konpromisoa hartu zuen, baina bitartean sortzen diren egoerei aterabidea emateko eta araudiak langileen eskubideak jasotzen dituela azpimarratuta onartu egin zuten, jeltzaleen babesarekin.
Adostasun falta gehiago
Intxortako Ateko zelaia erabiltzeko hitzarmena sinatuko du Udalak Jarikotxo baserriko ordezkariarekin. Udalak 30 euro ordainduko ditu errekreazioa dela-eta baserritarrak egin ezingo dituen belar bola bakoitzeko. Bildu abstenitu egin zen "kuantifikazio abstraktua" dela argudiatuta.
Oposizioa abstenitu egin zen, baita ere, Udalak Intxorta 1937 kultur elkartearekin zein Herrixa dantzan ekimenarekin sinatu gura dituen hitzarmenei dagokienean.
Intxorta 1937 kultur elkarteak 1.200 euroko dirulaguntza jasoko du. "Hainbat urtean gabiltza hainbat gauza aurrera ateratzen eta beharra ikusten dugu elkarlan horri forma bat emateko", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Adibidez, Durangoko azokako postuan Intxortako errekreazioaren berri ematen dute, Elgetako proiektuaren berri ere bai, errekreazioa aurrera eramaten laguntzen dute, aurten omenaldia eta beste hainbat gauza ari dira antolatzen...". Bilduk eredugarri jotzen du Intxorta 1937 kultur elkartearen lana, baina hitzarmenean zehaztasun falta sumatzen du: "Dirulaguntzak justifikazio baten arabera eman behar dira", zioen Janire Lazkanok. "Aholkularitza lanak jasotzen ditu hitzarmenak. Zertan datza horrek?".
Herrixa dantzan ekimenarekin lotutako hitzarmenak hutsune berdina du Bilduren ustez. Ekimenari 3.000 euroko dirulaguntza ematea aurreikusten du; 1.800 euro hasieran eta gainerakoa balorazioa egin ostean. Trukean, urtean zortzi saio egingo dira, hiru gutxienez zuzeneko musikarekin. "Pentsatzen dugu baita ere presaka egindako hitzarmen bat dela forma eta mami aldetik hutsuneak topatzen dizkiogulako", esan du Bilduko ordezkariak.
Bi erabaki aho batez
Atzoko osoko bilkuran bi puntutan etorri ziren bat hiru talde politikoetako ordezkariak. UEMAk aurkeztutako mozioa eta Arkaute nekazaritza I. BHI zentroarekin sinatzekoa den hitzarmena aho batez onartu ziren. Azken horren bitartez, ikasle batek Elgetako udal brigadan egingo du praktikaldia.
Jeltzaleak puntu bakar batean agertu ziren kontra: Debagoieneko mankomunitateko estatutuen aldaketan. Prozesuan gardentasun eta partaidetza falta egon dela argudiatuta aurka bozkatu zuten.
Alberto Olalderen auzia
Udalak, bestalde, 25.212,16 euro erreklamatu dizkio Alberto Olalde aparejadore ohiari, eta 57.618,22 euro Gizarte Segurantzari. Olalderi 1993tik 2005era bitartean fakturatutako BEZ-gatik, eta Gizarte Segurantzari epe horretan Udalak ordaindutako kuoten baturagatik.