Geaxi Ezpeleta liburuzainak emandako datuen arabera 2013an, 2.692 lagun sartu ziren Elgetako udal liburutegian; iaz, 2014an, 3.175. Mailegu kopuruak ere gora egin du; 1.477tik 1.949ra. "Liburutegiaren indarberritzearen testigu dira azken estatistikak, balantze positiboa islatu baitute datuek", azaldu du Ezpeletak.Liburuzainak azaldu duenez estatistika guztiek egin dute gora: animazio ekintzen kopuruak, erabiltzaileen parte-hartzeak, eguneroko erabiltzaile kopuruak... Iaz, esaterako, 496 lagunek hartu zuten parte liburutegiak antolatutako ekintzetan —ipuin kontalari saioak, hitzaldiak, eskolaren bisitak...—.
Azarotik otsailera bitartean izaten ditu zerbitzuak erabiltzaile gehien. Gutxien, berriz, ekainean —abuztuan liburutegia itxita dago—. Arrakasta handia dute umeendako ipuin kontalari saioek: 38 neska-mutiko elkartzera iritsi dira. Barikuan, hilak 20, dute hurrengo kontaketa saioa liburutegian. Nerea Villak egingo du hiru urtetik gorako umeendako, 17:25ean.
Mailegu digitala
Liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko kide izanik Elgetako erabiltzaileek sarbidea dute katalogo digitaleko edukietara. Irakurketa digitala eLiburutegia plataformaren bitartez egiten da, eta streaming bidez, ordenagailuaren bitartez edo gailu mugikorren bitartez egin daiteke. Zerbitzura sartzeko www.euskadi.net/eliburutegia helbide elektronikoa erabili behar da. Irakurleak erabiltzaile zenbakia, pasahitza eta irakurketarako gailu egokia beharko ditu. Edozein zalantzaren aurrean liburutegian eska daiteke laguntza.