Martxoaren 19an hasiko da 19. Korrika Urepelen, eta bi urtean behin egiten den euskararen aldeko lasterketa martxoaren 23an, astelehena, iritsiko da Elgetara, 12:30ak aldera.
Martxan da Elgetako Korrika batzordea eta eguaztenean, bigarren aldiz elkartuko dira, 19:00etan, udaletxean. Herriko elkarte eta norbanako guztiei dago zabalik batzorde hori.
Korrika laguntzaile
Korrika laguntzaile egiteko aukera zabalik da Elgetan. Batzordetik jakitera eman dutenez interesatuek Haizea tabernara, Espaloia kafe antzokira, udal liburutegira edo Julian Markiegiren kioskora jo behar dute. Prezioa hamabi euro da.
Arropa salmenta eta kilometroak eskuatzea
Korrika txikia, Korrika kulturala... gauza asko daude oraindik antolatzeko, baina batzordetik jakinarazi dute aste bukaeran Korrikaren aldeko arropa erosteko aukera emango dutela. Eguazteneko batzordean zehaztuko dute nork, non eta noiz.
Kilometroak diruz laguntzeko aukera, bestetik, martxan da. Interesatuek Elgetako Korrika batzordearekin jarri behar dute harremanetan edo korrika19debagoiena@gmail.com helbidera idatzi.