Korapilatsu joan da goiza, gaur ere, Elgetan. Gauean,beste zazpi-zortzi zentimetro elur bota ditu, eta errepideak egoera txarrean daude.
Goizean ez da autobus zerbitzurik egon. Bergarako Ipintza ikastetxean ikasten duten gazteak etxera itzuli dira autobusaren zain ordubete pasa egon ostean. Abisua jaso dute ez zela igoko. Berdin gertatu da lineako beste bi zerbitzuekin.
Herri Eskolak puntual ireki ditu ateak. Atzo itxita egon ostean zuzendaritzak jakinarazi zuen gaur ikastetxea zabaltzeko saiakera egingo zutela. Lauzpabost irakaslerekin hasi dute saioa, gutxienez, zerbitzu minimoak eskaintzeko. Elorrioko iraskasle talde bat udaletxeko brigadak igo du, 4x4 autoan.
Jantoki zerbitzuko janaria ekartzen duen kamioia ezin izan da igo, eta zuzendaritzak erabaki du erabiltzaileendako bazkaria herriko jatetxe bati eskatzea. Hala, Maialde jatetxeko makarroiak jan dituzte, gaur, bazkaritan jantokiko neska-mutikoek.
Errepideak gaizki
Zirkulazio zarata gutxi entzuten da Elgetan. Herrira heltzeko dauden lau errepideetik hiru itxita daude, eta laugarrena egoera txarrean. "Elgeta eta Bergara arteko errepidea erabiltzeko gomendatzen dugu", esan du eguerdian Oxel Erostarbe alkateak, "baina hori ere tarteka itxita dago".
Bien bitartean, herriko elurra kentzeko makina atzera eta aurrera dabil. Brigadako langileak ere bideak eta espaloiak zabaltzen eta gatza botatzen dihardute.
Atzo, tximista batek Iñaki tabernako presiozko garagardoaren makina apurtu zuen. Gaur, argindarra behin baino gehiagotan joan da. Minutu gutxiren bueltan itzuli da, guztietan.
Telefono mugikorren estaldurarekin ere arazoak daude, tarteka.