Zailtasunak izan dituzte, gaur ere, Elgetan. Garbi egon dira bideak 07:20ak bueltan elurra botatzen hasi duen arte. Ordutik aurrera dezente korapilatu da egoera bai errepideetan bai herri barruko kaleetan. "Kolapso total", izan dira kioskoko Julian Markiegiren hitzak.
Udal langileak gatza botatzen eta kaleetan zein espaloietan bideak zabaltzen aritu dira goizean goizetik. Herriko elurra kentzeko makina ere gora eta behera ibili da.
Herri Eskola itxita egon da, eta errepideen egoera ikusita elgetar bat baino gehiago etxean gelditu da gaur.
Kamioiak gurutzatuta
Bidean gurutzatutako ibilgailu astunak izan dira, nagusiki, arazo iturri. Baita ere errepide nagusiak garbi mantentzeko ardura zuten elurra kentzeko makinen falta. Hala, arrazoi batengatik edo bestearengatik errepideak aldizka itxita aldizka zabalik egon dira goizean zehar.
Elur egunetan erabiltzea gomendatzen duten Bergarako bidea ere itxita egon da ibilgailu astunek sortutako arazoengatik. Berdina gertatu da Kanpanzarreko bidean. Udaletxetik jakitera eman dutenez industrialdean ere arazo berdina izan dute.
Ertzaintzak, eguerditik aurrera, elurra kentzeko makinaren zain egotera behartzen ditu gidariak. Bakarrik aurrera egiteko kateak eskatzen dituzte.