Teknikariak lanean dihardute semaforo sistemak zein akats duen antzemateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko ots. 3a, 15:08

Atzo eguerditik dago Elgeta semaforo barik; gaur goizean ordezko sistema ipini dute teknikariek.

Elgetan ohituta daude elurrak sortzen dituen gorabeheretara. Oraingoan, ordea, semaforo sistema matxuratu egin da, eta herriguneko zirkulazioa nola bideratu da buruhausteetako bat.

Oxel Erostarbe alkateak eguerdian esan duenez: "Aste bukaeran euriarekin, haizearekin eta elurrarekin amatatzeko pare bat keinu egin zituen sistemak. Eta atzo eguerdian amatatu ziren guztiz".

Teknikariak matxura konpontzeko ahaleginean dihardutela adierazi du alkateak. "Atzo arratsaldean eta gauean konpontzeko ahaleginean ibili ziren teknikariak, eta orain ere horretan dihardute. Itxuraz, hezetasuna hartu du semaforo batek edo kutxa batek, eta hori topatu guran dihardute".

Elurraren protokoloa martxan

Gaur arratsalderako dago iragarrita denborale honen kolperik gogorrena. Lasaitasun mezua bidali du alkateak: "Lehenengo eta behin esan elur abisua badagoela: alerta horia eta naranja eman dituzte. Baina aste bukaerarako ere eman zuten, eta ez zen hainbesterako izan. Orduan, ikusi egin beharko da benetan zenbat elur eta zenbateko hotzak egiten dituen".

Berretsi du udaletxeak martxan duela elurraren gaineko protokoloa. "Alerta ematen diguten denetan ipintzen dugun moduan langileak prest daude baserri bideak eta herriko kaleak garbitzeko. Horretan ibili dira gaur goizean, eta horretan ibili dira aurreko egunetan (...) Egia esan gaur arratsaldetik aurrera ei dator txarrena, baina gaur goizeko lehen orduetan ere nahiko arazo egon dira dezenteko elurra bota duelako. Uneotan errepide denak zabalik dira, eta kalean ez dago arazorik".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak