Elurra eta haizeagatik alerta laranja abisua jaso dute Elgetako udaletxean

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urt. 30a, 13:54
Asentzio ingurua urtarrilaren 20ko elurte txikiaren ostean.

Zapaturako, domekarako eta astelehenerako jaso dute alerta abisua. Udalak jakinarazi du martxan duela elurraren gaineko protokoloa.

Gaur goizean jaso du Elgetako Udalak Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko eta meteorologia zuzendaritzaren abisua. Prezipitazio iraunkorragatik Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri dute, eta elurra iragarri dute.

Hala, Udalak, elurraren gaineko protokoloa martxan duela adierazi du eta herritarrei ohiko aholkuak luzatu dizkie.

Bide batez esan bertan behera gelditu direla bai domekarako iragarrita zegoen bisita gidatua lubakietara bai zapatu gauerako Espaloian iragarrita zegoen Trio Medianoche taldearen kontzertua. Kontzertu hori apirilaren 18ra atzeratu dute.

Gomendioak

. Autoa erabili beharra izanez gero Elgeta eta Bergara arteko errepidea lehenestea gomendatzen da. Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa ematen dute Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzan: 011

. Udaleko makinak auzoetako errepideetan elurra kentzeko ardura dute.

. Autoa aparkalekuetan zuzen lagatzea eskatzen da, edozein modutan lagatzeak eragotzi egiten baitu zerbitzu egokia ematea.

. Etxeko ataria garbitu gura duten herritarrek gatza eta palak udaletxean eska ditzakete. Gatza udaletxe ondoko biltegian dago.

. Urgentziaren bat izanez gero deitu udaletxera 943 76 80 22 (lanorduetan) edo SOS-DEIAK 112

Segurtasun Sailak, gainera, gomendatzen du bidaian atera aurretik pneumatikoek, galden, kateen... egoera ona ziurtatzeko. Erregai-tanga betetzeko eta berokia hartzeko. Errepidean poliki ibiltzeko eta aurreko autoari tarte handia uzteko.

Elur iragarpena

Gaur, barikua, elur-kota 1.300-1.500 metro inguruan egongo da. Gauean 1.000 metrora jaitsiko da.

Zapatuan, elur-kota 800-1.000 metro inguruan egongo da, eta egunean zehar jaisten joango da gauean 300-400 metrora iritsiz. Ekaitz eremuetan 200 metrora jaitsi daiteke.

Domekan, elur-kota 300-400 metro artean kokatuko da. Ekaitz eremuetan 100-200 metroko jaitsi liteke. Egunaren bigarren partean igo egingo da, eta gauean 500-600 metro artean kokatuko da.

Astelehenean, elur-kota 500-700 metro inguruan egongo da. Egunez igotzen joango da gauean 1.000-1.100 metrora heldu arte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak