Elgetako EH Bilduk jakin gura du datorren agintaldian elgetarrek zer nolako herria eraiki gura duten. Ohar bidez adierazi dute "buru belarri" dihardutela maiatzeko hauteskundeen prestakuntza lanetan, eta herritarren ekarpenak jasotzeko batzar irekia deitu dutela barikurako, hilak 30, 19:00etan, liburutegian.
"Guztion artean erabaki nahi dugu datorren legegintzaldian zer nolako herria eraiki nahi dugun. Horretarako, ezinbestekoa zaigu elgetarrek lehenesten dituzten proiektuak ezagutu eta programa herritarren ideia eta behar ezberdinekin osatzea. Prozesu guztia modu ireki eta partehartzailean eraiki dugunez, EH Bilduko batzar irekiak izango dira erabakiak hartzeko guneak", adierazi dute.
Taldeak azaltzen du udazkenean ekin ziotela eraketa prozesuari, herrian egindako buzoneo eta ekarpen bilketa bidez. "Herritarren erantzunek zehaztu zituzten programan lehentasunez jorratu beharreko arloak. Egun, arlo horiek lantzen eta mamitzen dihardugu. Ez da lanketa hutsala, fruituak ematen ari da; dagoeneko batu ditugun proposamenek aldaketa dakarte".
Hurrengo hitzordua, barikuan
Barikuko batzar irekia zeregin horren hurrengo hitzordua da. "Esan beharrik ez, EH Bilduko lantaldean parte hartu nahi duen, ekarpen bat egin nahi duen, edota edozein gairi buruz bere aletxoa jarri nahi duen oro gonbidatua egoteaz gain, ongi etorria izango dela. Aipatu ere, progamaren ildo beretik, hauteskundeetara aurkezteko hautagaitza guztion artean erabakiko dugula; dagoeneko hasi gara herritarren proposamen eta nahiak jasotzen eta horretan jarraituko dugu. Zabalik dituzue EH Bilduko ateak!", dio Elgetako EH-Bilduren deialdiak.