Udako sasoian atseden hartuko dute baina 2015ean hilero egingo dituzte Herrixa dantzan ekimeneko saioak Elgetan. Dantza zaleak kafe antzokian elkartuko dira, urtarriletik maiatzera eta urritik abendura, hileroko azken domekan salbuespenak salbuespen.
"Hileroko martxa hau abenduan hasi genuen Txertubi taldearen zuzeneko musikaz", adierazi du ekimeneko arduradun Patxi Monterok. "2015ean zehar ere, saio batzutan izango ditugu txertubitarrak Espaloian zuzeneko musika dantzarako jartzen".
Urteko lehen saioa, domekan
Domekan, urtarrilak 25, egingo dute urteko lehen dantza saio irekia, Espaloian. Ohikoa den moduan sarrera doan eta parte hartzea librea izango da. Ordu eta erdiko saioa izango da, 19:00etatik 20:30era eta Patxi Monterok gidatuko du.
Orain arte moduan Herrixa dantzan musika eta dantza tradizional ludikoekin osatuko du Monterok: sokan, bikoteka, soltean, korruan, taldeka... Helburua da animatzen diren herritarrek dantzan elkarrekin ondo pasatzea da.
"Arrazoi pertsonalak tarteko, aurreko 2013-2014 denboraldia berezia izan da Herrixan dantzan saioentzat. Hilean dantzaldi bakarra antolatu da, Bergara, Eskoriatza eta Elgetaren artean txandaka. Herri bakoitzean, beraz, hiru hilabetean behin. Berezitasun bezala, Elgetako saioak zuzeneko musikaz izan dira, eta gure artera ekarri ditugu Aiko talde bizkaitarra, Xut iruñarra eta Alvaro Gartzia kitarra-jotzailea", azaldu du Monterok.