Hainbat DJrekin eta musikarirekin elkarlanak egin eta gero, 2012an La voz programan egon zen. Rosario Floresekin ikasitakoa bere zuzeneko indartsuetan ikus daiteke. Soul, pop eta rock-and-blues estiloak nahastuta, zuzeneko original bezain arrakastatsuekin Espainiako oholtza ugaritan eskaini ditu hainbat kontzertu. Gaurko Espaloiko kontzerturako sarrerak aldez aurretik bost eurotan eskura daitezke; emanaldiaren egunean, aldiz, sei eurotan.
Zure musikak soinu nahasketa handia dauka.
Nire tokia topatzen saiatu naiz, eta pop doinua musika beltzarekin nahastean topatu dudala uste dut. Doinu propioa lortu dudala esango nuke, eta hori erakustera joango naiz Elgetara.
Nondik dator nahasketak egiteko ohitura hori?
Barruan daramat. Aita ingelesa da eta ama, aldiz, Katalunian bizi den arren, Extremadurakoa da. Nire etxean nahasketa ohiko kontu bat da.
Akustikoa eta gertukoa, kontzertu berezia izango da.
Oso berezia. Grabatzen bukatu berri dudan Soul love diskoa aurkezteko erabiliko dut. Badakit Espaloia gertuko oholtza bat dela, baina horrek, urduri jarri beharrean, motibatu egiten nau. Jendearekin harreman edo atmosfera berezi bat sortzen da eta horrek ikuskizunari indarra ematen dio.
Emanaldia jendea ezagutu eta ikusleek zu eta zure lana ezagutzeko aukera izango da?
Aurkezpen bikoitza izango da. Hasieran, aurrerago etortzeko asmoa nuen, baina diskoa primizian aurkezteko gonbitak erakarri egiten ninduen eta horregatik animatu nintzen. Gainera, zuk esan duzun moduan, formatu txikiko kontzertuek entzulearekin harreman zuzenagoa izateko aukera ematen du.
Zure diskoa nolakoa da?
Soul love orain arte egin dudan lan osoena dela esango nuke. Nire estiloa garatzen joan naiz, eta, ibilbidetik aldendu gabe, oso lan polita egin dudala uste dut.
Emanaldian, zure abestiak baino ez dira entzungo?
Ez; baina neurri handi batean, nire abestiak ezagutzera emateko kontzertua izango da, baina aldez aurretik Alicia Keys eta halako artisten zenbait abesti ere kantatuko ditut.