Espaloia kafe antzokiko Batirtze Arantzabalek truke eta bigarren eskuko azoka antolatu du domekarako, hilak 18. Ekintza irekia da eta interesatuek aukera izango dute Espaloian mahaia ipini eta saltzeko edo trukatzeko dituzten gauza guztiak bertan eskaintzeko. "Argentinan beharrak bultzatuta egiten genituen horrelako azokak. Bururatu zait Elgetan ere egongo direla trukatzeko edo saltzeko moduko bigarren eskuko gauzak", esan du Arantzabalek.
Domekan egingo dute azoka lehenengo aldiz, 11:00etatik 14:00etara. Mahaiak Espaloia kafe antzoki barruan ipiniko dituzte. Arantzabalek adierazi duenez gazte talde batek eman du izena dagoeneko. "Zer ekarri norberak aukeratuko du, baita salmenta prezioa ere. Amaitutakoan mahaian gelditu zaizkion gauzak hartu eta berriz eramango ditu etxera", azaldu du.
Egitasmoak duen harreraren arabera erabakiko du Espaloiko arduradunak ekimenarekin jarraitu edo ez.