Hasiera gorabeheratsua izan dute Espaloiko kudeatzaile berriek. Hasierako egitasmoa hankaz gora gelditu zen Oihulari Klown taldeko kideak proiektutik irten ostean. Zailtasunak zailtasun, ordea, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten Sebastian Rodriguezek eta Batirtze Arantzabalek, eta bi hilabeteko epean programazio indartsua aurkeztu dute 2015eko lehen hiruhilerako. Musika eta Elgetako III. Monologo Mostra nabarmentzen dira.
Musikari entzutetsuak
Musikak pisu handia izango du lehenengo hiruhileko honetan. Domekan, urtarrilak 11, Anje Duhalde izango dute Espaloian. Ondotik etorriko dira Monika Guech (urtarrilak 16), Eibarko Musika eskolako mariatxia (urtarrilak 24), Emon (urtarrilak 30), Trio Medianoche (urtarrilak 31), Maribel Martinez La Porteña (otsailak 7), Tributo a Sabina (otsailak 14), Los Chicos (martxoak 13).
Monologo Mostra
Hirugarren urtez jarraian Monologo Mostra egingo dute Espaloian. Gonbidatuak, aurten, J.J. Vaquero, Iñaki Urrutia, Queque, Asier Hormaza, Maribel Salas eta Gemma Martinez dira. Otsaileko azken bi aste bukaeretan eta martxoko lehenengoan izango dituzte umorezko bakarrizketak, Elgetan.
Emanaldi horiez gain Manu magoaren saioa iragarri dute martxoaren 20rako, eta hilero egingo dute Herrixa Dantzan Patxi Monterorekin. Hilero, azken domekan egingo dute: urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an eta marxoaren 29an izango da, 19:00etatik 20:30ra.