Debagoieneko Ezker Abertzaleak antolatuta "Euskal Herriaren alde bizitza eman duten gudariak" ekarri zituzten gogora, atzo, urtarrileko lehenengo domekan.
Urtero moduan, Intxorta tontorrean egin zuten lehen ekitaldia. Tontorrean elkartu eta hamaiketakoa egin ostean talde argazki atera zuten parte-hartzaileek. Pankartaren leloa, aurten, "Ez dugu aske izaterik haiek gabe".
Elgetara bueltan kiroldegiko gimnasioan eman zioten jarraipena ekitaldiari. "Intxortako zelaiak bezala Euskal Herriko hainbat plaza, kale eta zelai, Euskal Herriaren askatasunaren alde bizitza eman duten ehunka gudariren odolarekin bustiak izan direla ekarri dugu gogora", adierazi dute Degaboiena Ezker Abertzaletik. "Euskal Herriaren askatasunaren alde bizitza eman duten gudariek, gure herriaren askatasun ametsa bizirik mantendu dute (...) Besarkadarik beroena, Gerra Zibiliean, Frankismoan eta sasi demokrazia honetan senideren bat galdu duten guztie".
Estatuen ukazio, inposaketa eta errepresioak bizirik dirauela adierazi zuten. "Bide berriak jorratuz, indarrak bilduz, antolatuz eta lan eginez goaz aurrera. Bizi dugun gatazka politikoaren konponbidea, bakea lortzea urgentziazkoa dela deritzogu. Preso eta iheslari guztiak etxeratzea bake bidean ekarpen handia litzateke".
Bilborako deialdia
Urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak jendez betetzeko dei egin zuten Elgetako ekitaldian. "Euskal Herritarren hitza eta erabakiaren errespetutik, gehiengoak osatuz, Euskal Herri euskalduna, independientea, sozialista eta feminista lortu arte lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu".