Martitzenean, hilak 9, ezarri zuten hiri-hondakinak batzeko bilketa sistema berria, Elgetan. Kendu egin dituzte hondakinak nahastuta hartzen zituzten edukiontzi berdeak, eta haien ordez errefuxarenak —grisak— eta organikoarenak —marroiak— ipini dituzte.
Txartelarekin zabaltzen dira edukiontzi berriak, eta nork berea du; bana etxebizitzako. "Bagoaz sistema berria martxan jartzen", adierazi du Ane Ibarguren informatzaileak. "Hasieran egon dira zalantza batzuk, batez ere mila litroko edukiontziekin. Sarraila dute aurreko aldean, eta bertara gerturatzen dute txartela erabiltzaileek. Ez da horrela zabaltzen. Tapa gainean —atzeko aldean— dagoen forma borobileko estrukturara gerturatu behar da txartela. Baina normala da. Egokituko gara apurka apurka", esan du.
Asteotan Udalak 600 txartel banatu ditu, eta Ibargurenek adierazi duenez, oraindik ere, badaude batzuk jasotzeke. "Sistema ezarri denetik, dena den, jasotzeke zeuden txartel asko banatu ditugu", esan du informatzaileak. Udaletxean daude txartel horiek guztiak, baita etxebizitzetarako edukiontzi txikiak zein hondakinak nola sailkatu azaltzen duten hiztegiak ere.
Gehiago sailkatzea helburu
Sailkapen maila hobetzea da sistema berria ezartzearen arrazoi nagusia. Helburua da %70-80ko sailkapen mailara heltzea, eta jarraipena egingo diote prozesuari. "Sistema berria martxan ipini eta bederatzi hilabetera helburuen betetze mailaren balorazio orokorra egingo da", jasotzen du udalbatzak adostutako txostenak. "Helburuetara heldu bagara, sistemak bere horretan jarraituko du". Helburuetara heldu ezean tendentzia begiratuko dute, eta aztertuko dute "sistemaren baliozkotasuna frogatzeko hasierako epea beste hiru hilabetez luzatzea", edo "neurri zuzentzaile gehiago" hartzea. Ez bada helburuetara iristea aurreikusten: "Helburuetara iristen dela frogatu duen beste sistema bat ezarriko da".
2013an elgetar bakoitzak 394,9 kilo hondakin sortu zituen, eta hondakinen %33,57 sailkatu ziren. Datuen arabera edukiontzi berdera botatako %13 soilik zen errefuxa.