Altxor ezkutu ugari gordetzen ditu Elgetako parrokiak. Esanguratsuena, sakristiaren ate ondoan aurkitzen den Santiagoren erretaula da. Parttaittin jaio eta Nafarroako inkisidore izan zen Martin Saez de Ibarra jaunaren aginduz egin zuten XVI. mendean.
Zapatuan, erretaula zein elizak gordetzen dituen bestelako altxorren berri emateko bisita gidatua antolatu dute Debagoieneko Mankomunitatetik. Bisitariak, besteak beste, Andra Mariri eta San Sebastiani eskainitako beste bi erretaulak, XIV. mendekoa den Uriarteko Amaren irudia, edo Martin Saez de Ibarraren zein Otxoa Donor de Olaegiren —Jalotzako Jauna— hilobiak ezagutuko ditu. Elizan daude margolanak eta organoa ere ikusteko aukera egongo da.
Erreserbak
Interesatuei izena emateko eskatzen zaie. Idatzi info@tierraignaciana.com helbidera edo deitu hiru telefono hauetako batera: 943 79 64 63, 943 15 18 78 edo 943 72 20 42. Prezioa da hiru euro. Hamar urtera arteko neska-mutikoendako doan da.