Udalbatzak atzo egindako osoko bilkuran onartu zuen proiektua. Aurrekontua 49.930 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean hartuko du bere gain. Gabika enpresak egingo ditu lanok.
Egin beharreko lanak adostuta daude Aldundiarekin. Eguraldiak zeresan handia izango du lanon erritmoan, baina hasierako asmoa da urtea amaitu aurretik egitea.
Udala, orain, lanok zirkulazioan zer nolako eragina izango duten zehaztu nahian dabil. Zulaketak, margotze lanak, eta asfaltatze lanak egin beharko dira, eta aurreratu dutenez "seguruenik bideak itxi egin beharko dira". Ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko egutegia antolatzen ari direla jakinarazi dute.
Txandakatutako zirkulazioa
Malape paretik Kataiko arkua pasa arteko eremua hartuko dute lanok, eta bi semafororen bitartez zirkulazio txandakatua ezarriko dute; Elorriotik-Bergararako noranzkoa arku osteko semaforoak antolatuko du, eta Bergaratik Elorriorako noranzko Malape parean ipiniko duten semaforoak –Ostatu parekoa jaitsiko dute bertara–. Eibarretik datozen ibilgailuak, derrigorrez, kantxako biribilgunera egin beharko dute, eta ezingo dira zuzenen erdigunean sartu.
Nahiz eta zirkulazio noranzko txandakatua izan, gaur egun moduan bi errail egongo dira erdigunean. Autobus paradetatik, Ostatu azpiko aparkalekutik zein erdiguneko garajeetatik irteten diren ibilgailuek erabiliko dute bigarrena, beti ere semaforo sistema bidez sinkronizatuta. Espaloiko pasealeku hasieratik Malaperainoko tarteak ibilgailuendako errail bakarra izango du, eta libre gelditzen den errailean pibota bidez mugatutako oinezkoendako pasabidea egingo dute.
Azkenik, espaloien eta errepidearen maila bateratu egingo dute gune guztian. Zenbait tokitan espaloiak beheratuko dituzte, eta beste batzuetan errepidearen maila altxatuko dute. Malape parean egingo du errepideak gora, eta arku ostean behera –edo alderantziz–. "Altxatu egingo dugu plaza barrena eta berdinduta geldituko da dena –errepidea eta espaloiak–. Errepidea estutu egingo da, eta espaloiak zabaldu", azaldu dute.