Beldurrezko bi kontaketa saio, gaur, liburutegian

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko aza. 21a, 11:23
Elgetako neska-mutikoak, liburutegian, ipuinak entzuten.

Bederatzi urtetik gorako umeendako saioa 19:00etan egingo dute, eta helduendako saioa 22:00etan.

Bihotz taupadak azkartu egingo dira gaur, barikua, Elgetako liburutegian. Baliteke ikarazko oihuak ere entzutea behin baino gehiagotan. Kontua da beldurrezko bi ipuin saioa egingo dituztela. Bederatzi urtetik gorako neska-mutikoendakoa, 19:00etan izango da, eta helduendako saioa 22:00etan hasiko da.

Bereziki apainduko dute liburutegia, eta umeendako saioa 19:00etan hasiko da. Herriko boluntario talde baten eskutik etorriko da umeendako saioa, eta izena ere ipini diote: Dardartien kluba.

Helduendako saioa 16 urtetik gorakoendako iragarri dute, eta Elorrioko boluntario Roman Marzanak egingo du, 22:00etan, gazteleraz. Morir... ¿y luego? da saioaren izenburua.  

Umeendako sormen tailerra, hilaren 28an

Hurrengo barikuan, hilaren 28an, Kexak uxatzen izeneko tailerra antolatu dute liburutegitik. Ipuin kontaketa eta sormen lantegia egingo dituzte sei urtetik gorako neska-mutikoendako. Apika taldeak gidatuko du, 17:00etatik 18:00etara. Plaza mugatuak dira, 25 zehatz esanda, eta astelehenean zabaldu zuten izena emateko epea.

Ezetz igarri! lehiaketa martxan

Martxan da, bestalde, 12-16 urte bitarteko Elgetako gaztetxoei zuzendutako Ezetz igarri! lehiaketa. Bi idazleren izenak asmatu behar dira, eta pistak ematen dituzte astelehenero liburutegitik. Irabazlearendako saria ere badago: e-reader bat. Adi ze astelehenean emango dituzte edizio honetako azken pistak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak