Zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera egongo da, zapatu gauean, Elgetan gaztetxean. Ska eta reggae doinuak iragarri dituzte Glaukoma talde gipuzkoarrarekin.
Glaukoma rap-reggae talde bat da, bi estilo hauek inguratzen dituzten musika estilo beltz ezberdinetatik edaten duena. Roots reggae gozoenetik jungle gogorrenera, raparen gordintasunetik eta raggamuffin melodikoenetik igarota.
Aurretik zein ondotik, Selektah Amundak girotuko du gaua. Selektah Amunda 22:00etan hasiko da eta Glaukoma 23:00etara iragarri dute. Kontzertua amaitzean, berriz ere, Selektah Amundak girotuko du festa.
Glaukoma
Bonberenean (Tolosako) sortutako taldea da Glaukoma. Gaztea, oso ekimentsua, eta ideiak oso argi dituena. Bi urteko epean bilduma bat osatu eta bi disko kaleratu dituzte, zein baino zein dotoreagoa. Estudioko azken emaitza 2013an kaleratu duten diskoa 'Vol. 2' da, eta orain arte maisuki jorratutako hip-hop, raggamuffi, reggae... estiloei sakontasun handiagoa gehitu diete.
Pedal hotsek eta distortsio, deelay eta abarreko efektuek protagonismo handiagoa hartu dute, soinu garatuagoa, pertsonalagoa eta indartsuagoa lortuz. Hip-hopak indar handiagoa dauka eta drum&bass eta jungle moduko estiloek emaitza gehiago aberastu dute. Horrez gain, Juantxo abeslariak idatzitako hitzak erabat landuak dira.