Elgetako Aralar-Independenteak lantaldea ez da 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko, eta zortzi urteotan Elgetako alkate izan den Oxel Erostarbe ez da berriz hautagai izango. "Bere egunean egin genuen hausnarketak eman ditu bere fruituak eta ein handi batean gauzatu ditugu genituen asmoak", adierazi dute ohar bidez Oxel Erostarbek, Iban Retolazak, Ana Gillegik eta Jose Mari Zubiaurrek.
2015eko maiatzean, taldeak hamabi urte beteko ditu Elgetako Udalean. Hiru agintaldi izan dira; bi alkatetzan. "Urte hauetan bakoitzak duen onena eman dugu herriaren alde, eta lan karga hori ere hasiak gara igartzen", adierazi dute.
Hamabi urteotan herrigintzan jardun dutela, eta iritzi ezberdinak izanda ere elkarlanean oinarritutako jarduna izan dela azaldu dute. "Saiatu gara udaletxeko ateak elgetarrei zabaltzen, saiatu gara herritarren ondoan egoten, garden jokatzen eta herritarrak entzuten. Seguru elgetar guztiek ez dutela gure ahalegina horrela bizi izan, ez daudela konforme egindakoarekin edo gertu beharrean urrun sentituko gaituztela. Ez da hori izan gure asmoa".
2015eko udal hauteskundeak
Maiatzean udal hauteskundeak izango ditugu. Deialdi horrekin lotuta zerrenda herrikoi baten aldeko apustua egiten dute Erostarbek, Retolazak, Gillegik eta Zubiaurrek. "Zerrenda herrikoi bat izango litzake gure herrirako onena, iritzi politiko desberdinak dituzten herritarrek osatutako zerrenda", adierazi dute. Eta, eskerrak eman dizkiete urteotan bidelagun izan dituzten guztiei.