Banpiro, sorgin eta zonbiak elkartu ziren, besteak beste, Elgetan, Arimen Gaua ospatzeko egubakoitz iluntzean. Lehenengo, jolasean ibili ziren Mendizaleen plazan: sagarrari kosk egiten, zaku lasterketan, ahulki jokoan, momiak egiten komuneko paperaz, aurpegia margotzen...
Ondoren, Elgetan galdutako karlistaren altxorraren bila ibili ziren. Ilun zegoen ordurako, eta herriko kale-argiak ere itzali egin ziren. Linternak eskutan hartuta abiatu behar izan ziren. Seigarren mailako ikasleek emandako pistei esker aurkitu zuten altxorra hilerri ondoko parkean: txokolatezko txanponak eta gozokizko armiarmak. Saria plazara eraman eta parte-hartzaile guztien artean banatu zuten. Arimen gauari amaiera emateko traka izan zuten, besteak beste.
Maala guraso elkarteak antolatu zuen Arimen Gaua eta balorazio positiboa egin dute. "Uste baino hobeto irten da. Gainera, umeak gustura ibili dira", esan du Nerea Villa elkarteko gurasoak. Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkie Udalari, Herri Eskolako irakasleei eta boluntario lanetan aritu zirenei (Elgetako komandokoak).