Espaloiko kultura agenda irri artean inauguratuko dute

Maialen Torres 2014ko urr. 3a, 12:07

Elgetako Espaloiak ziklo berriari ekingo dio bihar, Oihulari Klown taldearen gidaritzapean. Arduradun berrien izaeraren erakusle, irekiera ofizialerako, irriz betetako asteburua antolatu dute, haur zein helduentzat.

Zapatuan, Virginia Imazen eskutik, helduei zuzendutako Molestias Clownicas ikuskizuna eskainiko dute, 20:00etan. Irekiera egun ofiziala izanik, ordea, ekintza gehiago ere antolatu dituzte; besteak beste, ipuinak, pintxo dastaketa, bertsoak eta, nola ez, gauean, kontzertua.

Domekan, berriz, gazteenentzako ikuskizuna izango da, eta Burutik jota ikuskizunaren Euskal Herri mailako estreinaldia egingo dute Trokolo Teatro taldekoek, 17:00etan. Dena den, goizean ere izango da zer egin, haurrentzako jolasak eta puzgarriak egongo baitira, kafe antzokian bertan. Ekintza guztietarako sarrerak leihatilan izango dira salgai.

Ildo bera, apustu berriak

Oihulari Klowneko Virginia Imazek eta Jose Carmelo Muñozek "gogoz eta ilusioz" hartu dute Espaloiaren lekukoa eta ziurtatu dute kafe antzokiak lehen zuen ildoari eusteko asmoa dutela, baina kabareta, dantza eta emakumeek sortutako lanak ere sustatu nahi dituzte.

Datozen hilabeteetarako, "menu inklusibo eta irisgarria" prestatu dute Imazek eta Muñozek, baina edozein ekarpen egin nahi dutenei parte hartzeko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak