Zapatuan beteko dira 78 urte Intxortako frontea ezarri zela. Espainiako gerrak gogor astindu zituen gure bazterrak ere, eta Elgetako ibilbide tematikoak memoria historikoa du helburu. Urrian ere bi bisita gidatu egingo dituzte; lehenengo eta azken domekan, hain zuzen ere. Baina kasu honetan bereziak izango dira familiendako pentsatuta prestatu baitituzte. "Ohiko bisitaren antzerakoa izango da", adierazi du Mankomunitateko turismo saileko Ana Herizek. Hori bai, "azalpenak-eta ume eta nagusiei egokituak".
Ez da lehenengo aldia Intxortako ibilbide tematikotik familiendako eskaintza egiten dutela. "Beste batzuetan ere egin izan ditugu familiendako bisitak. Gerra Zibilaren gaia ikuspuntu honetatik lantzea ere egokia dela deritzogu", azaldu du Herizek.
Mankomunitatetik adierazi dutenez ibilbideak ez du zailtasunik eta hiru ordu eta erdi inguruko iraupena izango du bisitak. "Edozein adinetako umeek parte hartzeko modukoa da", esan dute. Mendian ibiltzeko arropak eta zapatak gomendatu dituzte.
Bisitok Iraitz Lazkano elgetarrak gidatuko ditu, eta Espaloia kafe antzokian dagoen Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrotik abiatuko dira, 10:00etan. Aurrez eman behar da izena. Erreserbak egiteko deitu 943 71 89 11 edo 943 79 64 63 telefono zenbakietara edo idatzi turismo@debagoiena.net helbide elektronikora.