Martxan dira, dagoeneko, yoga eta tai txi eskolak eta asteon hasiko dute ikasturtea kirol eskaintzako gainerako jardueretako taldeek. Udalak jakitera eman duenez guztiek egin dute aurrera, eta martitzenean hasiko dira erretiratuendako mantentze gimnasiak, GAP saioak, spinning eskolak, eta eskola kirola eskaintzako bi taldeendako saioak. Udalak hurrengo aste hasieran egingo du gurasoekin batzarra. Azken orduko berrikuntza ere badakar 2014-2015 ikasturteak.
Zumba eskaintza berria
"Herritar talde batek horrela eskatuta zumba eskolak emateko aukera lantzen jardun du kirol batzordeak", adierazi dute udaletxetik. "Zumban parte hartu gura dutenek edo ezagutu gura dutenek froga egiteko aukera izango dute, urriaren 1ean, eguaztena, 17:30ean izango den saioan. Kolonbiar jatorriko fitness diziplina da zumba, dantza eta ariketa aerobikoak bateratzen dituena.
Izenematea zabalik
Zumba eskaintzak 30 euroko kuota izango du hilean, eta saioak astelehenetan eta eguaztenetan izango dira gimnasioan, 17:30etik 18:30era. Gainerako jardueretan moduan Goiena Sport enpresak gidatuko ditu saiook.
Esan moduan, talde guztiek egin dute aurrera, baina izenemateak zabalik jarraitzen du plazak libreak gelditu direlako kasu guztietan.