Etxeko barazki txukunenak ekarriko dituzte, beste behin, Elgetako baserritarrek iraileko azokara

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko ira. 18a, 14:25
Irene Bolinaga iazko azokan Ibane bilobarekin.

Urte txarra izan da ortuko lanetarako; gorrina eta harria izan dira arazo handienak.

Ortuko lana esker txarrekoa izan da aurten. Horrela adierazi digu zapatu goizeko azokan postua ipiniko duen Irene Bolinaga elgetarrak. "Baratza oso txarra izan da aurten", esan du. "Eguraldiak ez du lagundu eta lan asko egin behar izan da zerbait ateratzeko".

Etxeko barazki txukunenak prestatzen ari da zapatuko azokarako. "Azoka eguna polita izaten da. Niri gustatzen zait. Saiatzen naiz etxeko onena eramaten eta jendeak ondo ordaintzen du". Adierazi duenez porrua, leka eta azenarioa ondo egin dira aurten, baina harriak letxuga eta haza asko kaltetu ditu. Gorrinak ere arazoak eman ditu, bai tomateetan bai bestelako barazkietan. "Lehenengo baba gorrinak hartu du eta baba zuria ez dago batere".

Hamar baserritar eta lau artisau

Hamalau bat postuk osatuko dute zapatuan herriko baserritarren eta artisauen azoka. Baserritarrak hamar izango dira, eta artisauak lau. Jakitera eman dutenez 10:30erako ipiniko dituzte postuak plazan, eta gehituko zaie seigarren mailako neska-mutikoen postua. Ikasturte amaierako bidaiarako dirua atera nahi dute.

Iaz moduan, bestalde, burdina nola lantzen den ikusteko aukera emango dute Igor Hercek eta Xabat Leanizbarrutiak.

Txorimalo lehiaketa ere plazan egingo da. Interesatuek 12:00etarako aurkeztu behar dituzte txorimaloak eta guraso elkarteko bi ordezkarik egingo dituzte epaimahai lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak