Vespa eta Lambretta motorrek Elgeta izango dute topaleku domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko ira. 16a, 09:50

Vespa eta Lambretta motorren erakusketa.

Motorren erakusketa, 56 kilometroko ibilbidea eta lagun arteko bazkaria antolatu dituzte aurten ere.

Elgetako Vespa eta Lambretta zaletuek bederatzigarren topaketa antolatu dute domekarako. Eguraldiak zerikusi handia du etortzen den motorzale kopuruan, baina aurten ere 85 bat motor elkartzeko itxaropena dute antolatzaileek. Motorren erakusketa, 56 kilometroko ibilbidea eta bazkaria iragarri dituzte. Leku askotatik etorriko dira motor zaleak: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Burgos, Santander, Errioxa, Frantzia...

Zaletasun hori dutenek txukun zaintzen dituzte motorrak, horien artean Fermin Iribar elgetarrak. Aurten ere, motor bat baino gehiago izango ditu goizeko erakusketan ikusgai.

Motor erakusketa eta ibilbidea

Parte-hartzaileak goizean zehar joango dira Elgetako herriko plazara gerturatzen. Izenematea 10:00etan zabalduko dute, eta 11:00etan salda eta pintxoak banatuko dituzte parte-hartzaileen artean.

Motor guztiak 12:30ak bitartean egongo dira ikusgai. Ordu horretan lagunarteko ibilbidea egingo dute guztiek batera. Elgetatik abiatu eta Elorriora egingo dute. Ondotik egingo duten ibilbidea da: Miñota, Berriz, Zaldibar, Areitio, Ermua, Eibar, Soraluze, Bergara eta San Prudentzio. Elgetarako bidea Kanpanzarretik egingo dute.

Bazkaria ere antolatu dute, aurten, Vespa eta Lambretta zaleek. 14:30ean elkartuko dira Intxorta elkartean. Interesatuek aurrez eman behar dute izena 669 107 907 telefono zenbakian. Azken eguna irailaren 18a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak