Herriko baserritarren urteroko hitzordua bertan dugu. Udazkeneko azoka irailaren 20rako antolatu dute aurten, eta Udalak jakinarazi du zabalik duela izena emateko epea azokan postua ipini nahi dutenendako, baserritarrak zein artisauak.
Azokan herriko baserritarren produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Salmenta zuzeneko eguna da eta herritarrei herrian bertan egiten diren produktuak ezagutzera emateko aukera bakarrenetarikoa.
Azokarekin batera txorimalo lehiaketa ere egingo da aurten. Orain bi urte sortutako ekimenak jarraipena izango du, eta herritarrek aukera izango dute irudimena landu eta lehiaketako saria eskuratzeko. Iaz seigarren mailako neska-mutikoek jaso zuen saria ikasbidairako.
Umeendako ere igoera
Aurreko bi urteetan ikusmina sortu zuen Intxortako igoerak, eta laster berriz jokatuko da. Zortzi lagunek egin zuten igoera iaz, eta Iñaki Egizabal elgetarrak marka berria finkatu zuen. 16 minutu eta 15 segundotan egin zuen herriko plazatik Intxortarainoko joan-etorria. Marka hori hobetzeko aukera berria egongo da hilaren 20an, eguerdian.
Aurten, baina, bigarren igoera bat jokatuko da 12 urtetik beherako neska-mutikoendako lasterketa antolatu baitu Udalak. Ibilbidea izango da herriko plazatik abiatu eta Salbador ermitarainoko joan-etorria egitea. Deialdiak arrakasta izango duen ala ez egunean bertan argituko da. Ez harritu asteotan baten bat entrenatzen ikusten baduzue!