Oihana Kortazar: "Gosaria da garrantzitsuena, lasai jateko momentua da niretzako"

Ane Elordi 2014ko ira. 3a, 00:00

Oihana Kortazar.

Mendia maite du Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984). Korrika zein oinez, mendiaz eta naturaz gozatzea gustatzen zaio. Hori da bere afizioa eta ofizioa.

Nolakoa da Oihana?

Pertsona geldiezina, nahiko burugogorra, pazientzia txikikoa eta diziplinatua.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Batez ere, kirola eta naturarekin zerikusia eta lotura duten gauza guztiak, egitasmo lasaiak. 

Kirola: ofizioa eta afizioa?

Zortea da gustuko duzun horretatik bizi ahal izatea. Hala ere, afizioa ofizio bihurtzen denean bere alde txarra ikusten diozu.

Sukaldean moldatzen zara?

Moldatzen naiz eta gustatzen zait; gainera, nahiko berezia naiz ni sukalde kontuetan, ondo jatea gustatzen zait, baina ez naiz oso erraza edozein tokitara joan eta edozer jateko. Nire modura kozinatzea gustatzen zait, esaterako, barazkiak. Ondorioz, hortik kanpo kostatu egiten zait beste jateko batzuetara ohitzea. Diziplinaren barnean sartzen da elikagaiak zaintzearena ere. 

Eguneko zein otordu da zure gustukoena?

Gosaria da garrantzitsuena; egunean lasai jateko dudan momentua da niretzako, eta haurrak jaiki aurretik gosaltzea gustatzen zait, horretarako jartzen dut iratzargailua nahita.

Jatea ala egitea nahiago duzu?

Jatea nahiago dut. 

Zein da zure plater gustukoena?

Gutizia bezala bada, patata-tortilla da gustukoena; baina bestela, edozer gauza.

Sukaldean, esperimentatzea gustuko duzu ala betiko jatekoak nahiago?

Betiko jakiak egin ohi ditut, nahiz eta gustatuko litzaidakeen gauza berriak egitea eta errezeta berriak probatzea, baina denbora faltagatik ez ditut egiten. 

Lagun on bat zertara gonbidatuko zenuke?

Paella eder bat jatera. 

Mendian ibiltzeko, bakarrik ala konpainian nahiago?

Bakarrik nahiago, inguruko mendietara oso gustura joaten naiz bakarrik, niretzako pentsatzeko momentu bat delako. Entrenatu ere bakarrik entrenatzen naiz, nire helburuak betetzeko. Hala ere, beste irteera batzuetarako taldean joatea gustatzen zait, mendia ezezaguna baldin bada, taldean ere besteengandik ikasi egiten delako. 

Eta korrika ala oinez?

Lasterketa denboraldian oinez joatea faltan igartzen dut, eta lasterketak alboratzen ditudanean oinez joan nahiko nuke. Nire afizioa mendia da, ez mendian korrika egitea.

Zein da zure mendirik maiteena?

Euskal Herri mailan Anboto mendia da niretzat berezia, Bizkai aldea asko gustatzen zait eta Anbotoko magaletik asko pasatzen naiz, sarritan, saiatzen naiz tontorrera igotzen.

Ametsik betetzeko aukera izango bazenu, zeintzuk izango lirateke?

Ametsetako bat izango litzateke semeei kirolarekiko lotura eta balioak transmititzea, kirola bizitza ohitura bat izatea, lehiakortasuna sustatu gabe. 

Mendia ofizio eta kostaldea bizileku, itsasoa ala mendia nahiago?

Mendia nahiago dut.

Herrialde asko ezagutzeko aukera izan duzu; bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Toki bakoitzak bere gauzak ditu, baina Hego Amerika asko gustatu zait, batez ere, bertako herritarren umiltasunagatik. 

Eta egitea gustatuko litzaizukeen bidaiaren bat?

Egiptora joatea, ametsa da niretzat, umetatik.

Zer esaldi edo aholku konpartituko zenuke?

Jendea arrazoi gabe ez kritikatzea, zu ere toki berean egon zaitezkeelako beste batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak