Klasiko bat bihurtu da Elgetan: neska-mutikoendako ur-putzuak uztailean. Lehenengo hamabostaldiak, egia esan, ez du aukera handirik eman; euria eta eguraldi eskasa egin ditu, orokorrean. Baina arduradunak eguraldi iragarpenari begira egon dira, eta lauzpabost egunerako eguraldi ona eman dutenean laster ipini dituzte ur-putzuak.
Martitzenean iragarri eta eguazten goizerako prest zeuden igerileku handia eta bi igerileku txikiak bolatokiko kantxan. Udalekuetako neska-mutikoak izan ziren lehenak ur-putzuak erabiltzen. Arratsaldean, berriz, nahi zuen orok izan zuen bainu bat hartzeko aukera.
Umeak pozik
Haurrak eta gaztetxoak dira ur-putzuak gehien gozatzen dituztenak. "Asko gustatzen zaizkigu. Egun gehiagotan egon beharko lukete ipinita", zioen batek.
Hondartzarako moduan prestatzen dira ur-putzuetarako: bainujantzia, eguzkitarako krema, toalla, jokoren bat... Aspertutakoan ur-putzuen inguruan etzaten dira umeak lehortzera, eta kantxa porlanezko hondartza bihurtzen da.
Eguraldia lagun, gaur eta bihar arratsaldean ere erabilgarri egongo dira igerilekuak, 16:00etatik 19:00etara. Eta gaurko, eguena, bits festa iragarri dute 17:30ean. Sorosle bat egoten da ur-putzuak zabalik dauden bitartean, baina gurasoen ardura da nork bere umea zaintzea.