Amorrazioa, etsipena, haserrea... Torrealdea kaleko bizilagunek sentipen kontrajarriak dituzte, baina denen gainetik inpotentzia nagusitzen da. Duela sei urte egin zituzten eraikineko fatxadako berritze lanak. Beroak ihes egin ez zedin eraikina termikoki isolatzeko lanak izan ziren. Bestelako onuren artean energia kontsumoaren fakturen murrizketa, erosotasuna eta kondentsazioaren eraginez sortzen diren hezetasun multzoen desagertzea agindu zizkieten.
Inbertsio handia suposatu zuen, baina eraikinak behar zuen eta aurrera egin zuten proiektuarekin. Sumatu dituzte onura horietako batzuk, baina losetak jausi egiten dira, eta azkenaldian maiztasun handiagoarekin.
Kontua da lanak egin zituen eraikitzaileak porrota jo duela, eta bizilagunek ez dutela kontuak non eskatu.
Oharrak fatxadan
Torrealdeako bizilagun batek jakitera eman duenez loseta bat baino gehiago jausi da dagoeneko: "zazpi edo zortzi bat", adierazi du. Horregatik, eta arriskua dagoela ikusita ez gerturatzeko oharrak ipini dituzte atari aurreko aldeetan. Ohar horietan gazteleraz zein euskaraz irakur daiteke ondorengo mezua: "Kontuz. Ez pasa leku honetatik. Paretatik losetak jausteko arriskua. Torrealdeko Junta". Oharrak orain hamabost bat egun ipini zituzten.
Duela sei urte antzerako isolamendu lanak egin zituzten herriko beste bi eraikinetako fatxadetan, eta kasu horietan ez dute aparteko arazorik sumatu.
Orain zer
Arazoari zein irtenbide eman ondo aztertu beharko dute Torrealdean. "Mingarria da inbertsio handia egin genuelako. 24 etxebizitza daude lau atari horietan eta badirudi segurtasun kontuengatik aldamioa ipini beharko dugula lehenengo eta behin. Gero ondo aztertu beharko dugu nola jokatu".
Haserre daude Torrealdean. "Ez dago eskubiderik. Dirutza ordaintzen duzu etxean hobekuntza lanak egiteko, lana gaizki egiten dizute, eta sei urtera losetak jausten dira. Eta zer gertatzen da? Ez duzula kontuak nori eskatu! Legeak iruzurgilea babeste du!", adierazten zuen haserre beste bizilagun batek.