Eguerdian gerturatu dira umeak plazara. Lehenengo eta behin udalekuetan prestatutako pankarta ipini dute eszenatoki gainean. Bertan irakur daiteke: "Jaixetan gozatu euskaraz dantzatuz". Talde argazkia atera dute eta handik gutxira agertu dira herriko hiru buruhandiak; Txintxon, Zezena eta Lehoia.
Udaletxeko autoan etorri dira. Plazan jaitsi eta taula gainera igo dira. Ondoren hasi dira buruhandikerietan. Nagusitxoak ausart agertu dira eta izerditan blai amaitu dute. Txikienek gehiago sufritu dute. Ikusi ahal izan dute nortzuk zeuden ezkutatuta buruhandien azpian, baina askorendako ez da nahikoa izan konfiantza hartzeko.
19:30ean hasiko dira ofizialki Elgetako jaiak. Etxafuegoa, mozorro jaitsiera, alkate txikiaren izendapena eta brindisa izango dira Ferixa Nagusiko jaien abiapuntua.