160 lagunek ospatu dute Espaloiaren 10. urteurrena

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko eka. 30a, 09:34

Festa eguna izan zen zapatua Elgetako Espaloia kafe antzokian. Hamar urteotan Goibeko euskara elkarteak kudeatu du gunea, eta zapatuan lagunartean ospatu zuten urtemuga.

Aurreikusi moduan eta euria egin arren, iluntzean, Gasteizko Ilusionismo elkarteko hainbat lagun ibili ziren tabernaz taberna trikimailuak egiten. Sinestu ezinezko gauzak egin zituzten afaltzeko orduan ere mahaitik mahai.


Gala berezia

Afaldu aurretik urdaiazpiko eta gazta dastatzea egin zuten Espaloian, eta behin mahaian eserita ipuin bat kontatu zuen Amaia Arriaran bergararrak. Postrearen eta kafearen ostean eman zioten hasiera galari.
Askotariko diziplinak jorratu dituzte Espaloian hamar urteotan, eta horien guztien adierazgarri izan zen gala. Asier Kidam magoa, Behi Bi Blues musika taldea, Gaizka Morales elgetarraren dantza ikuskizuna, Grace Hospital break dance taldearen saioa, Txaflas umoristaren bakarrizketa... mahaitik jarraitu zuten gala urteurreneko ospakizunera gerturatutako 160 lagunek, eta bertatik entzun zituzten kafe antzokitik pasatako hainbat sortzaileren zorion mezuak ere. Aurrez grabatutako ikus-entzunezkoen bitartez aretoaren ibilbidea eskertu eta zoriondu zuten, besteak beste, Rafa Ruedak, Pettik, Imanol Muruak, Ruper Ordorikak, Andoni Egañak, Yllana taldeak, Egoitz Lasak, Mikel Pagadik, Nagore Aranburuk, Anthony Blakek, eta Luis Piedrahitak.


Amaierako sorpresa ere izan zuen galak. Hamar urtean Magia Mostra egin ostean magia egitera ausartu ziren kultura taldeko Iban Arantzabal eta Josu de Vega. Pertsona bat tele-transportatzeko gai zirela esan zuten, eta boluntario bat eskatu zuten. Proba egitera prest agertu zen bakarrenetarikoa Josu Arantzabal izan zen, eta kutxa batean sartu zuten Arantzazura bidaltzeko asmoarekin. Bidali, bidali zuten baina Ipuruara, ortura, lantokira eta herriko plazara, eta azkenean Arantzazutik buelta egin gabe itzuli zen aretora.

Zorion mezuak

Goibeko euskara elkarteko bazkide asko elkartu ziren zapatuko afarian, eta topa egin zuten egindako ibilbidea gogoan. "Zoragarria izan da ibilbide hau zuekin batera egitea", esan zien elkarteko presidente Iban Arantzabalek.
Erabiltzaileen aldetik ere esker oneko mezuak jaso zituzten kultura taldeko kideek: "Luxua izan da Elgetarendako", adierazi zien bazkide batek.
Orain, etapa berria zabaltzen da Elgetako kafe antzokian, eta baita 250 bazkide inguru dituen Goibeko euskara elkartean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak