Hamar urte hamar urte dira, eta Espaloia kafe antzokian hamaika diziplina izan dira ikusgai denbora horretan. Albadulaque konpainiaren Malaje ikuskizunarekin inauguratu zuten antzokia 2004ko ekainean eta ordutik dantza, antzerkia, magia, musika, erromeriak, lehiaketak, haur ikuskizunak, bakarrizketak... egin dira Elgetako kafe antzokian.
Hamargarrena ospatzeko afaria eta gala antolatu ditu kultura taldeak. Goibeko euskara elkarteak kudeatu du antzokia hamar urteotan, eta bazkideekin eta lagunekin egingo du festa bihar, zapatua.
Kalean eta antzokian
Magiak emango dio hasiera urteurrenari. Gasteizko Ilusionismo elkarteko lagunek bat egin dute Espaloiaren ospakizunarekin eta magia trikimailuak egingo dituzte kalez kale eta publiko orokorrarendako, 19:00etan hasita.
Ospakizunerako txartela hartu dutenak 20:30ean elkartuko dira antzokian. Hortik aurrera zer gertatutako den inork gutxi daki. Afaria eta gala iragarri dituzte antolatzaileek, eta magia, monologoak, dantza, musika eta ikus-entzunezkoak egongo direla aurreratu dute.