Zapatukoa izango da egunik beteena, Herri Egunean goizean goizetik kuadrillak kalera irtengo baitira. Hala ere, barikuak ere egitarau indartsua izango du, erromeriaren doinu tradizionalak DJ festarekin nahastuko baitira Oihan Vegaren saioan. Ondoren, Hesian talde sakandarraren rock eta ska doinu biziak izango dira plazan. Egunean zehar, trikitilariak eta txaranga ibiliko dira kaleetan, festak girotzen.
Erromeria nagusi
Oinak urratu arte dantza egiteko aukera izango dute elgetarrek festa guztietan zehar. Izan ere, eguenean hasita, erromeria izango da egunero.
Bi taldek eskainiko dute emanaldia eguenean: Gozo gozok herriko plazan eta Zero Xiette taldeak gaztetxean. Barikuan, Gardokiren erromeriak alaituko du jubilatuen bazkalostea.
Zapatu arratsaldean, Jainaga eta Narbaizak joko dute eta dagoeneko Elgetako festetako klasiko bihurtu den Egan taldea ere izango da, arratsaldeko zortzietan hasita.
Gaztetxeko eskaintza
Gaztetxean ere musika proposamen interesgarriak izango dira aurtengoan. Besteak beste, zapaturako Ska Reggae Gaua antolatu dute eta domekan kontzertu akustikoarekin emango diete amaiera festei, txitxi-burruntzia dastatzen duten bitartean.