Buruhandien inguruan antolatutako ekimenen artean, berrikuntza nagusi bat izango da aurtengo Ferixa Nagusian. Izan ere, buruhandiei ongietorria egingo diete gazteenek uztailaren 3an, eguena, eguerdiko hamabietan. Udaleku zerbitzu irekien barruko ekimena izango da, eta, festak direla aprobetxatuta, udalekuei hasiera ohi baino lehenago emango zaie.
Jaiek iraungo duten bitartean ez da udalekuen barnean jarduerarik izango, baina eguen eguerdiko ekimenak udalekuei hasiera emateko balioko du. Haurrek eurek prestatutako ekimena izango da, eta buruhandiek betidanik ikusmin handia sortu dutenez herriko txikien artean, euren saltsan ibiliko dira umeak.
Buruhandiak, egunero
Buruhandien ongietorria ez da izango haien inguruan jaietan egingo den ekimen bakarra. Izan ere, Ustekabe Txarangarekin egingo dute bat Ume eta Erretiratuen Egunean, 18:00etan. Herri Egunean ere ez dira falta izango, 20:00etan irtengo baitira Elgetako kaleetan. Domekan ere irtengo dira, 18:00 aldera, Ferixa Nagusiari datorren urtera arte agur esateko.