Iaz euskal dantzak berreskuratu zituzten umeen eskutik, Herri Egunean. "Lehenago egiten zen Elgetan Dantzari Eguna, baina aspaldi galdu zen tradizioa. Urteak dira ez zela haurren euskal dantza saiorik egiten. Gurasoen artetik irten zen ideia eta Udaletik hori bideratzen saiatu ginen. Irati Kortabitarterekin eta Xabat Leanizbarrutiarekin egon ginen ea hardura hartuko luketen galdetzeko eta baietz erantzun zuten. Haiei eskerrak oso ondo egon zen eta umeek euskal dantzekin plaza betetzea lortu zen", adierazi du Erostarbek.
Erakustaldi hark izandako arrakasta ikusita, aurten berriro egingo dute. Horrela, martxo erdialdea ezkero txikienak ere entseatzen dabiltza. Iaz 5 eta 12 urte bitarteko umeek hartu zuten parte eta, aurten berriz, 5 eta 15 urte artekoak ibiliko dira. Honakoak izango dira egingo dituzten dantzak: courinta, esku-dantza, xarmantak, txulalai, alunelul, marmutx, gorularien zinta-dantza eta saliña-saliña.
Jaioberriei harrera
Zinegotziek eta umeek egingo duten dantza erakustaldiaren aurretik haur jaioberriei harrera egingo diete udaletxean, 12:30ean. Horrela, iazko jaietatik aurtengoetara jaiotakoei egingo diete ongietorria. Laugarren urtez egingo dute ekimena.