Astebete barru... Elgetako Ferixa Nagusiak!

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko eka. 26a, 09:29
Mozorro jaitsiera, iaz.

Salgai daude Julian Markiegiren kioskoan umeen bazkarirako txartelak —6 euro—; gaztetxoen bazkarirako txartelak —8 euro—, zein zapatuko herri bazkarirako txartelak —4 euro—. Jaietarako zapi gorriak, berriz, herriko tabernetan.

Aurten, uztaileko lehenengo aste bukaeran ospatuko dituzte Ferixa Nagusiko jaiak Elgetan. Eguenean, uztailak 3, hasiko dira festak. Urtero moduan, Salbador kaleko jaitsierarekin izango dute hasiera. Herriko kuadrillak hasita daude mozorroak prestatzen, asko isilean eta ezkutuan.

Kanpaien hotsarekin eta etxafuegoekin hasiko da jaitsiera, eta Elgetako trikitilariek girotuko dute plazarainoko ibilbidea. Plazan, alkate txikiaren izendapena eta brindisa egingo dituzte. Alkate txikia, aurten, Jon Irizar izango da. Eta Irizarrek aginte makila jasotakoan hasiko dira ofizialki jaiak.  

Erromeria eta afaria

Gogotsu hartzen dute elgetarrek herriko jaietako lehenengo eguna. Jai batzordeak erromeria antolatu du Gozo Gozo taldearekin, eta gaztetxetik bertso-poteoa iragarri dute 20:00etarako. Afaria ere antolatu dute gaztetxetik; 22:00 aldera egingo dute afari hori gaztetxearen aurreko aldeko zabalgunean.  

Gorputzari astindua emateko aukera polita izango dute herritarrek eguenean. Gozo Gozo taldea goizaldeko ordu txikiak arte ariko da herriko plazan, eta gaztetxean Zero Xiette taldeak  girotuko du gaua. Urteak dira Soraluzeko erromeria taldea Elgetako jaietara etortzen dela.

Ferixa Nagusiko beste klasiko bat gauerdiko larrain-dantza da. Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere dantzan egitera gonbidatuta daude herritarrak. Herriko plazan egingo dute larrain-dantza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak