Eskola hurrengo ikasturterako prestatzen ari dira

Atzo arratsaldean, eskolako gela bat auzolanean margotzen.

Bi urteko umeen gela handitzeko lanak martxan dira, eta gurasoak badihardute gelak margotzen.

2013-2014 ikasturtea amaitu bezain pronto hasi dira lanak Herri Eskolan. Irailean 17 neska-mutiko hartuko ditu bi urteko umeen gelak, eta espazioa handitzeko beharra zegoen. Udalak Goitu enpresari esleitu dizkio handitze lanok, eta martxan dira. Aurrekontua da 10.319 euro.  

Bi urteko umeen gela handitzeko aurreratu egingo da sarrerako atea eta aldamenean dagoen irakasleen komuna ere gela barruan geratuko da. Kendu egingo dute, baita ere, gela barruko biltegia. Horma hori bota egingo dute, eta gelak hartu du eremu hori. 

Gelak auzolanean margotzen 

Lehenengo solairuan ere lanean dihardute. Gelak margotzeko premia handia zen, eta Udalak ipinitako materialarekin eskolako gurasoek dihardute lan hori egiten, auzolanean.Guraso elkarteak egindako deialdiak erantzun polita izan du; 21 gurasok eman dute izena. Hasiera bateko asmoa zen gela bat margotzea, baina bizpahiru izango dira azkenean. Gaurko, biharko eta zapaturako egin dute hitzordua guraso boluntarioek. Gaur eta bihar, 16:00etatik 20:00etara; eta zapatuan, 09:00etatik 13:00etara.

Zuzendaritza aldaketa 

Hurrengo ikasturtean zuzendaritza talde berria izango du Elgetako Herri Eskolak. Nora Olabidek hartuko du zuzendari kargua, Ixone Fernandez de Arroiabe izango da ikasketa burua, eta Arantza Esparzak jarraituko du idazkari zereginetan.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.