Goizean aurkeztu dute Elgetako I. karabina-tiro txapelketa. San Pedro egunerako, ekainak 29, antolatu du Norica etxeak. Besteak beste karabinak egiten dituzte Norican, eta txapelketarekin bi helburu nagusi dituztela adierazi dute aurkezpenean Noricako Marisa Perezek eta Josu Hernaltesek: afizioa sortzea eta marka ezagutzera ematea.
Bi kategoria
Txapelketa 10:00etan hasiko da eta bi kategoriatan antolatu dute; lehenengo maila eta bigarren maila. Karabinaren ezaugarrien arabera finkatzen da kategoria, eta txapelketarako hainbat diana mekaniko ipiniko dituzte frontoian.
Euskal federazioaren babesarekin antolatu dute Elgetako saioa, eta profesionalak espero dituzte lehenengo mailan lehiatzeko. Txapelketako arautegia ere federazioarena izango da, eta bi epaile etorriko dira Elgetara.
Txapelketa irekia
Profesionalez gain herritarrek ere izango dute txapelketan parte hartzeko aukera. Izenematea egunean bertan egin beharko da eta prezioa bost euro da —prezio horren barruan sartzen da asegurua—. Nork bere karabinarekin har dezake parte txapelketan, baina karabinarik ez dutenendako Noricak hainbat ipiniko ditu lehiakideen erabilerarako.