Barikurako, Elgetan, Pelotakadaz pelotakada jaialdia antolatu dute presoen sakabanaketa salatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko eka. 11a, 12:29

Pilota jaialdiko antolatzaileak, atzo, Salbador kalean.
Hainbat herritarren arteko partidak eta pilota desafio ikusgarria iragarri dituzte antolatzaileek.

Pelotakadaz pelotakada jaialdia izango da barikuan, hilak 13, Elgetako pilotalekuan. Poteoarekin hasiko da festa, 20:00etan. Pilota jaialdia, berriz, 21:00etan hasiko da. Antolatzaileek gomendatzen dute ogitartekoarekin joateko frontoira.

Hasierako jokoa parte-hartze irekikoa izango da; barruzka egitera deituta daude elgetarrak. Ondoren, aurrez antolatutako hiru partida izango dira ikusgai. Frontenisa, esku pilota eta pala partiduak antolatu dituzte. Herritarrek jokatuko dituzte guztiak. Norgehiagoka horiek hamabost minutukoak izango dira.

Desafioa kantxan

Berezia izango da hurrengo norgehiagoka. "Bertso pilota partidua" izango dela adierazi dute antolatzaileek. Bikote izango dira Mikel Goñi eta Jose Mari Zezeaga. Bikote horren arerioa izango da Xabier Ubera elgetarra. Bakarrik jokatu beharko du Ubera II.k, eta gainera aldean eraman beharko du uneoro aulki bat. Hogei minutuko partida izango da.

Ondoren, bestelako sorpresak ere egongo dira, tartean dendarien eta tabernarien arteko norgehiagoka.

Presoen sakabanaketa salatzeko Etxeratek bultzatutako Pelotakadaz pelotakada dinamikaren barruan sartzen da jaialdia. Errifak eta kamisetak egongo dira salgai frontoian. Antolatzaileek herriko tabernariek emandako babesa eskertu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak