Tamarizen ametsezko biolinaren soinuak Espaloia magiaz bustiko du gaur berriz ere

Jagoba Domingo 2014ko eka. 7a, 13:32

Juan Tamariz Espalioan.
Rockero zaharren antzera txundituta utzi zituen atzo Juan Tamariz magoak Elgetako Espaloiko ikusleak. Tamarizek, duen itxura xelebreaz kontziente da, eta ondo baino hobeto erabiltzen du publikoarekin konektatu eta barre algarak sortzeko. Hala ere, badira ia 70 urte magiak lehenengoz txunditu zuela eta urte guzti horietan maisu bihurtu dela frogatu zuen Elgetan. Gaur 22:30ean ere ikuskizuna eskainiko du magoak.

Magiaren munduan itzal handiko pertsona da, lankideengatik errespetatu zein miretsia eta errepideak baldintzaturiko bizitzan bizirik dirauen mito bat da baina ikusleen aurrean dagoen momentutik, tipo xelebre zein gertukoa bihurtzen da, publikoa eroso sentiaraziz; eta hori da hain zuzen Elgetan lortu zuena.
Bi ataletan banatu zuen egubakoitzeko saioa; lehenengoan ikuskizunak eta umoreak protagonista izan baziren, bigarrengoan lagunarteko giroa sortu zuen. Kamara bat erabilita, karta-sortekin hainbat trikimailu eginez eta horiek publikoari era berezia azaldu edo argituz. Gauaren hasieran, publikoaren artean urduritasuna nabari zitekeen. Magia saio gehienetarako ikusleen laguntza eskatzen zuen Tamarizen, eta ikusleek magoaren begiak eurengan pausatzen zirenean...batek baino gehiagok aitzakiaren bat jarri zuen.
Hala ere, gauak aurrera egin ahala, publikoa lasaituz joan zen eta Tamarizen trikimailuetan atseginez hartu zuten parte. Karta-sortak erabiliz hainbat trikimailu egin zituen magoak, hurrenez hurren harrigarriagoak. Umorea eta magia, bi horiek maisuki nahastu zituen Tamarizek, eta lehenengo pasean gainera, Consuelo Lorgiaren kolaborazioa ere izan zuen. Lorgiak mentalismoa erabiliz kartak zein abestiak asmatu zituen.

Magia gertutik ikusita

Atsedenaldiaren ostean, magia gertutik ikusteko beste formatu baten egin zituen trikimailuak. Bi ikusleren laguntzarekin; eta nola ez, beti ondoan dituen karta-sortekin, beste ordu erdiz aho zabalik utzi zituen Espaloiko ikusleak. Amaitzeko, magia ikuskizunaren sekretuak argitu zituen; psikologia erabiltzen jakitea eta batez ere, egiten duzun hori maitatzea, pasioa sentitzea. Eta pasio hori ia 70 urtez mantentzeak meritu handia du.

Gaur bigarren aukera

Guar ere, bertan izango da Tamariz bigarrenez bere ametsezko biolinaren doinuekin publikoa txunditzeko. 22:30ean hasiko da ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak