Asentzioko jaiak zirela aprobetxatuta, gaur, domeka, giza katea egitea erabaki zuten Elgetan. Asentzion batu dira eta, meza entzun eta pintxoa jan eta gero, putzua inguratu dute adin askotako elgetarrek, elkarri eskua emanda, Gure Esku Dago mugimenduak deituta. Txaloekin apurtu dute katea.
Ekintza bukatuta, pozik azaldu da antolatzaile taldeko Sebas Arantzabal. Egingo zuen eguraldiaren "beldur pixka batekin" egin zuten deialdia, baina azkenean giroak ere lagundu du eta, behe-laino apur batzuk zeuden arren, aterri egon da. Arantzabalen esanetan, ekainaren 8ko giza katearen "entsegu" gisa planteatu dute gaurkoa. Antzuolarekin batera giza katean parte hartzeko autobusak dituzte antolatuta Elgetan.