Elgetako Espaloia Kafe Antzokian bertso saioa antolatu dute zapaturako, hamargarren urteurreneko ekitaldien barruan. Punta-puntako lau bertsolari arituko dira kantuan: Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Sebastian Lizaso.
Bertso saioa 22:30ean hasiko da, eta Manex Agirre aramaioarra arituko da gai-jartzaile lanetan.
Bailaran bertsozaletasun handia dagoen arren, aretoetan egiten diren jaialdien kopurua ez da handia; beraz, jendea bertso gosez egongo da. Gainera, Manex Agirreren esanetan, Elgetan arituko den laukotea garantia da beti, eta saio arrakastatsua izatea espero da, ikus-entzuleak asetzeko bestekoa.
Jaialdian umorea egongo dela aurreikusten da, baina gai serioak ere landuko dira; ondorioz, saio gorabeheratsua izatea espero da, batez ere, sentsazioei dagokienez. Izan ere, askotariko gaiak izango dituzte kantagai; eta gaurkotasuna eta tokikotasuna nagusi izango diren arren, denetariko gaiak landuko dira, eta ohiko egoerak ere.
Sarrerak Espaloian eskura daitezke, edo Internet bidez: zapatuan, 10 euro; aurretiaz, 8; eta bazkideek, 6.